Kutxabankeko presidente Gregorio Villalabeitiari gutun irekia

fdez_ta_villalabeitia

Kutxabankeko Lehendakari Villalabeitia jaunari eskutitz irekia Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop eta Gipuzkoako IRPH Stop plataformetatik

Villalabeitia Jauna:

Pasa den asteazkenean, abuztuak 12, komunikabide ezberdinek artikulu bat argitaratu zuten Kutxabank Taldearen Jasangarritasun Memoriaren inguruan. Besteak beste, Kutxabankek azkenaldian “krisiak kaltetutako familia askok euren maileguak ordaindu ahal izan zitzaten eskua zabaldu zuela”, edo “2014an karentzien edo epe-luzapenen bidez 1.420 mailegu hipotekarioren baldintzak malgutu zituela” zioen artikulu honek zure hitzak jasoz.

Adierazpen hauen harira guk badugu zer esaterik, izan ere, gure eguneroko lanean ez dugu artikulu honek helarazten duen baikortasunerako arrazoi handiegirik ikusten.

Lehenik eta behin, ez zaigu harrigarria iruditzen azken urte honetan 1420 familik Kutxabanki etxegabetze arriskuaren aurrean euren maileguen berregiturapenak eskatu izana. Datu honek argi erakusten du familia askorentzat krisiaren mamua arindu ez ezik, betirako desagertzeko gero eta urrunago dagoela. Bigarrenik, logikoa den moduan, artikulu honek ez ditu Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop plataformek baliabiderik gabeko bezeroen defentsan Kutxabanken bulegoen parean azken urteetan buru behar izan dituzten mobilizazioak aipatzen eta, are eta gutxiago, epaitegietan zuk zuzentzen duzun erakundearen maileguetan jasotako klausula abusiboen kontra, batik bat IRPHa bezalako indize manipulagarriarena, jarritako demandak ere. Esaiguzu Kutxabankek zergatik ez duen sekula irtenbide bezalaALOKAIRU SOZIALAREKIN ETXEBIZITZA ORDAINETAN EMATEA onartzen. Ehundaka bezero dira zure erakundeari konponbide hau proposatu diotenak, baina aitzakia ezberdinak tarte, Kutxabankek ez dio bati ere kasu egin nahi izan orain arte. Finantza erakunde gehienak ordainetan ematea onartzen hasi diren bitartean, zuek zarete fede oneko zordunentzat irtenbide hau errefusatzen jarraitzen duzuen gutxienetakoak.

Kapitalaren ordainketen etenaldiei edo maileguaren epe-luzapenei “malgutzea” deitzen diezue zuek, baina irtenbdie hauek adabakiak besterik ez dira fede oneko zordunak itotzen jarraitu ahal izateko. Neurri hauek ez dira sekula doakoak eta kasu askotan, gainera, zorduna jabetu ere egiten ez den bitartean, maileguaren baldintzen aldaketa dakarte beraiekin. Kasinoan bezala, hemen ere bankua irteten da beti garaile.

Bestalde, ondorengo datuak argitaratu edo ezeztatu ditzazun gustatuko litzaiguke.

– Zenbat izan diren krisiak eztanda egin zuenetik etxegabetu dituzuen familiak eta guzti hauetatik zenbaitei aplikatu zizkiezuen %19 baino gehiagoko atzerapen interesak, 2013tik legalki abusuzkoak direnak, hain zuen. Gure ustez, ehundaka edo beharbada milaka izan daitezke familia hauek.

– Zenbat izan diren kuota bakar bat ordaindu ez izateagatik etxegabetu dituzuen familiak eta 2013 urtea baino lehen zenbatetan aprobetxatu zenuten zordunaren etxea bere tasazo balioaren %50gatik erosteko zenuten aukera. Ziur ehundaka edo milaka direla ere.

– Kutxabanken erakunde fundatzaile diren Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, zein Gasteizko Legebiltzarraren, Gipuzkoako Batzar Orokorren eta 20 udaletxeren eskaerei muzin eginda zenbat familiri aplikatu diezuen “IRPH Cajas” delako abusuzko indize manipulagarria eta zenbatei aplikatzen diezuen oraindik orain abusuzkoa eta manipulagarria ere baden “IRPH Entidades” indizea.

– Krisiaren hasieratik zenbat abal-emaile etxegabetu dituzuen euren eskubideen uko-egitea dakarren eta auzitegiek abusuzkoa deklaratu duten klausula baten inposizioari esker.

– 2012ko 6/2012 Errege Dekretupean edo dekretu honetatik kanpo zenbat maileguren berregiturapen adostu eta zenbat etxebizitza jaso dituzuen maileguen ordainketa gisa. Guk dakigula, bat ere ez.

– Kaleratzeak Stop-ek etxebizitzak ordainetan emateak erakunde gehienekin adostu ditu, zuekin izan ezik.

– Etxegabe utzi dituzuen familietatik zenbatek jarraitzen duten gaur egun Kutxabankekin zorra izaten.

– Zenbat mailegu hipotekario transmititu dizkiezuen fondo putreei.

– Kutxabanken Obra Sozialari buruz duzuen ikusmoldea zein den. Obra soziala finantzatzeko baliabideak, Onkologikoarenak kasu, beste batzuen bizitzen kontura eskuratzen badituzue, obra soziala hankamotz gelditzen dela uste dugu guk.

Urteetako borrokari esker Kaleratzeak Stop-ek Kutxabankekin interlokuzioa formaldu eta kasu bakoitzari irtenbidea bilatzeari ekin diogula egia da; baina zuengandik espero duguna, Villalabeitia jauna, bankuen praktika txarren erruz kaltetutako milaka eta milaka familiei irtenbide bideragarri bat eskeintzea da, orain arte erabilitako neurriek antzuak izan direla erakutsi baitute.

One response to “Kutxabankeko presidente Gregorio Villalabeitiari gutun irekia

  1. Eladio Gonzalez

    Importante vease Ataquealpoder word press, ahi 1ª Sentencia de un juzgado de Madrid en que reconoce que el Banco no es el titular de la deuda por que se vendio la hipotecahttp://www.rafapal.com/wp-content/uploads/2015/08/SENTENCIA-1%C2%AA-INSTANCIA-JUZGADO-FUENLABRADA.pdf

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *