Kutxabankek 100 milioi euro itzuli beharko dizkigu

100meuro

IRPH STOP GIPUZKOAK USTE DU KUTXABANKEK IRPHaren KALTEDUNEI ITZULI BEHAR DIEN DIRUTZA 100 MILIOIKOA IZAN DAITEKEELA

ZENBATEKO HAU 2013KO IRABAZIEN PAREKOA DA

ELKARTEAK PRESIDENTE BERRIARI ESKUA LUZATU DIO DIRUA NOLA ITZULI NEGOZIATZEKO

XABIER ITURBEREN DIMISIOA ETA DESJABETURIKO ETXEBIZITZAK ITULTZEA EXIJITZEN DUGU

Donostia, 2014-11-28

IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen kalkuluen arabera Kutxak Gipuzkoan masiboki aplikatu duen IRPH indizearen atzerako eraginezko baliogabetzeak Kutxabankek kaltedunei 100 milioi euro itzuli beharra izatea ekarriko du.

Elkarteak hogeita hamar garaipen judizialetik gora lortu ditu IRPHaren inguruan. Kasu guztietan justiziak ebatzi du IRPH aplikatzea legediaren aurkakoa dela, eta Kutxabank zigortu du atzerako eraginez IRPHren arabera ordainduriko kuota guztiak berriz kalkulatu eta salaketa jarri dutenei «bidegabe kobraturikoak itzultzera».

Kutxabankek lehenbiziko epaiari helegitea jarri zion arren, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak uste du Entzutegi Probintzialak epaia baieztatu egingo duela. Merkataritza Arloko Epaitegiak epai hauek ebazten erakutsi duen azkartasunak argi utzi du ez dagoela indizearen abusibitatearen gaineko zalantzarik. Kasu guztiak eraman dituen epailea, Edmundo Rodríguez Achútegui, magistratua da Araban eta eskarmentu handia du gai hauetan, eta beraz ez dirudi Entzutegi Probintzialak bere ikuspuntua txarretsi eta hogeita hamar epaitik gora baliogabetuko dituenik.

Ondorioz, epaitegietako borroka erabakita dagoela dirudi, eta IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik egoera berdinean dauden 15.000 familiei euren dirua itzultzeko exijitzen diogu Kutxabanki, epaitegietara jotzera behartu gabe.

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak kalkulagailu bat prestatu du bankuak itzuli beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, eta kalteturiko familiei dei egiten die kontuak egin ditzaten:

http://www.irphstop.plazan.net/kalkulagailua-atzerako-eragina/

Elkarteak uste du Kutxabankek guztira itzuli beharko duen dirutza 100 milioi eurokoa izan daitekeela, banketxeak 2013an izan zituen irabazien parekoa. Gipuzkoan bakarrik 9.000 eta 16.000 artean egon daiteke kalteturiko familien kopura. Familia bakoitzarentzat, itzuli beharreko dirutza 10.000 eta 15.000 euro artean egon daiteke, eta beraz itzuli beharreko kopurua 200 milioikoa ere izan daiteke.

IRPH Stop Gipuzkoak gogorarazi nahi du dirutza hau bidegabe kobratu duela Kutxabankek, abusuzko indize bat aplikatuaz. Kopuru hauek itzultzeak ekarriko du familia hauek euren maileguen hasieratik Euribor+1 ordaintzea, eta baldintza hauek IRPHaren araberako maileguak sinatu zirenean ez ziren bereziki onak. Beraz Kutxabankek familia hauekin irabaziak izaten jarraituko du. Hala ere, eta jakinik dirutza hori itzultzeak Kutxabanken kontuetan eragina izango duela, elkarteak entitatearen presidente berriari eskua luzatu nahi dio itzultzea nola egin negoziatzeko.

Kaltetuak itzuli behar zaien diruaren zati bat edo guztia euren maileguak amortizatzera bideratzeko prest egon daitezke, modu honetan Kutxabanken diru-kutxatik atera beharreko dirutza txikiagoa izan dadin. Negoziazioak hasteko baldintza bakarrak hauek dira:

1- Xabier Iturbek dimisioa ematea. Kutxaren presidentea da bere gainbeheraren erantzule, eta IRPHaren kudeaketa «bikaina» egin duela esatera ausartu da.
2- Etxebizitza galdu duten IRPHaren kaltedunei etxea itzultzea.
3- Etxegabetuak izan diren guztiei zorra kitatu eta alokairu sozial batez euren etxeetara itzultzen uztea, nahiz eta IRPHaren kaltedun ez izan.

Erantzukizunez jokatzeko deia egiten diogu Kutxabanken presidente berriari, egoera lehenbailehen bideratu ahal izateko.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *