Jon Jauregi Bereciartua

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak Jon Jauregi Bereciartua PNVko kidearen ordezkari baten mezua jaso du, webgune honetan Jon Jauregiren inguruan esaten diren zenbait eduki ezabatzeko eskatuaz. Eskaera hau betetzen ez badugu kasua agintariengana eramana izango dela ohartarazi digutenez, IRPH Stop Gipuzkoak ezabatu egin ditu Jon Jauregiren Batzar Nagusietarako hautagaitza frustratuaren inguruko edukiak. Jaso dugun mezuak horrelaxe dio: «existen sentencias judiciales, inspecciones de la Agencia Tributaria y sentencia de la Agencia Española de Protección de Datos donde se reconoce que se ha hecho mal uso de los datos personales del Sr. Jauregi en referencia a este tema y obligando a eliminar el contenido de las páginas donde originalmente se publicó».

Gertakari horien inguruko eduki oro ezabatu dugu, baina Jon Jauregik IRPHaren inguruan izan duen portaerari buruzkoak mantendu egin ditugu, gaiak duen garrantzia eta larritasuna dela eta. Gainera, artikulu honetan gertakarion inguruko errepasoa egingo dugu.

IRPHa erreferentzia indize espainiar bata da, ezagunagoa den Euriborra baino askoz gutxiago erabiltzen dena. Gure elkartearen ustez abusuzko indizea da, eta horrelaxe frogatu dute hainbat eta hainbat epai judizialek, tartean irmoak direnak eta baita bigarren instantziakoak ere, Kutxabank (eta beste banketxe batzuk) IRPHa aplikatuaz kobraturikoak itzultzera zigortzen dutenak. IRPHaren aurkako ahotsak zenbatezinak dira jadanik. Estatistika Aplikatuan Katedradun Akreditatu batek txosten baten bitartez adierazi du indizea ez dela batere sendoa eta agerikoa dela hobetu daitekeela, eta gehitu du bistakoa eta oso nabarmena dela entitate bakoitzak, bere tamaina edo bolumena edozein dela ere, IRPHaren hileroko emaitzan eragiteko ahalmena duela. Gasteizko Legebiltzarrak, beste adibide bat jartzeagatik, adierazi zuen «IRPH interes-tipoa opakoa dela, banketxeek eragin diezaioketena, merkatuaren errealitatea jasotzen ez duena eta argi-argiro kaltegarria kontsumitzaileentzat, eta abusuzkotzat jo beharrekoa».

Kutxa/Kutxabank-ek IRPHa bi aldaeratan aplikatu du: IRPH Entidades (oraindik ere Kutxabanken zenbait mailegutan aplikatzen dena) eta IRPH Cajas (gaur egun argitaratzen ez den aldaera).

Gipuzkoan, Kutxaren maileguen artean kopuru garrantzitsu bat gaur desagertua den IRPH Cajas indizeari lotua zegoen. Mailegu horietako eskriturek ezartzen zuten IRPH Cajas indizea desagertu ezkero haren ordez Euribor+%1 aplikatuko zela. Gauzak horrela, 2011ko urrian estatu espainiarrak ministerio-agindu bat argitaratu zuen (“gardentasunerako” omen zena), IRPH Cajas indizearen desagertzea aginduaz. Baina Kutxak, milaka familien hileroko kuotan honek ekarriko lukeen jaitsieraren jakitun (hilean 300 euro arteko jaitsierak), IRPH Cajas indizea aplikatzen jarraitzea erabaki zuen indizea argitaratzen zen bitartean. Tamalez, indizea beste hilabete askoz argitaratu zen, aldi baterako luzapen moduan, ordezkorik aurreikusten ez zuten maileguentzat estatuak ordezko bat erabaki bitartean.

Estatuak zein ordezko ezarriko zuen ez zen inolaz ere garrantzitsua Kutxaren kasuan, bere kontratuek Euribor+1 aurreikusten baitzuten eta beraz horixe baitzen aplikatu behar zuena, baina muturreko argudio horri eutsi zion kalteturiko familiei diru gehiago kobratzen jarraitu ahal izateko. Eta horretarako erakunde publiko ugaritik jaso zituen deialdi zuzenei entzungor egin zien, hala nola Gasteizko Legebiltzarra, dozenaka udaletxe, Gipuzkoako Batzar Nagusiak edota Gipuzkoako Foru Aldundia. Erakunde horietan guztietan PNV, EH Bildu eta PSE-Eek (eta batzutan baita PPk berak ere), IRPHaren kaltedunei babesa ematen zieten eta ordezkoa zuten kontratuetan hori berehala aplikatzeko eskatzen zuten.

Baina egoera erabat ezberdina zen Kutxa/Kutxabank-en gobernu organoetan, non EH Bildu izan zen kaltedunen alde egin zuen bakarra. Kutxaren administrazio kontseiluan EH Bilduk askotan egin zuen IRPH Cajas berehala ordezkatu eta haren ordez Euribor+1 aplikatzearen alde, baina beti topatu zuen PNV, PSE-EE, PP, CCOO, Pixkanaka eta DYAren aurkako jarrera. Indar politiko eta sindikal horiek behin eta berriz bozkatu zuten berehalako ordezkatzearen aurka eta abusuzko indizearen aplikazioa luzatzearen alde.

PNVren joko bikoitz hau bere presidente Andoni Ortuzar-ek onartu ere egin zuen ETBn, 2014ko maiatzaren 5ean, non onartu zuen PNV erakundetan IRPHaren aurka egiten duela (ekimen sinbolikoetan) baina banketxearen gobernu organoetan (zer egin benetan erabakitzen den horietan) entitatearen interes ekonomikoen alde egiten duela, familien sufrimendua luzatzea babestuaz.

Eta zein izan zen Jon Jauregiren papera gai honetan? Jon Jauregi Kutxako administrazio kontseiluko kide zen, eta beti bozkatu zuen IRPHaren aplikazioa luzatzearen alde. Bere alderdiaren agindua, Ortuzarrek berak onartu zuena, txintxo bete zuen beraz. Bina Jon Jauregiren jarrera kontseiluko beste kideena baino askoz larriagoa zen. Izan ere, Kutxan Gipuzkoako Batzar Nagusien ordezkari zen, eta erakunde horrek behin baino gehiagotan adierazi zuen IRPHaren kaltedunen aldeko jarrera. Jon Jauregik Kutxako administrazio kontseiluan zuen eserlekua gaizki erabili zuen, ordezkatzen zuen erakundearen irizpidearen aurka aritu baitzen. Izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusiak, beste hainbat erakunde bezalaxe, ados zeuden honakoa eskatzen «hipoteka-maileguetan indize alternatiboak dituzten banketxeei: egin dezatela IRPH Cajas indizearen berehalako aldaketa hipoteka-maileguen klausulatuan aurreikusitako indizeagatik, eta hori egiteko ez daitezela aldi baterako erregimenaren zain egon, bere edukia hutsala baita, hipoteka-maileguetan indize alternatiborik gabeko banketxeei zuzenduta baitago».

Egoera erabat eskandalagarri bihurtu zen 2013. urtearen amaiera aldera, azaroaren 1ean iritsi zen IRPH Cajas indizearen behin betiko desagertzearekin batera. Orduan jakin genuen Kutxarentzat ez zela nahikoa izan IRPH Cajas indizearen aplikazioa bi urtez luzatu izana, eta abusua apur bat gehiago luzatzeko asmotan zela. Horrela, Kutxak ez zion IRPH Cajas indizea aplikatzeari utzi indizea desagertu zen egunean, eta mailegu bakoitzaren errebisio edo eguneratzeari itxarongo ziola erabaki zuen. Kasurik okerrenetan zeuden familientzat horrek IRPH Cajas 2014ko urria arte ordaintzen jarraitzea ekarriko luke (eta ekarri zuen), data horretan baitzen euren maileguaren eguneratze edo errebisioa.

Testuinguru horretan, 2013ko azaroaren 6an Gipuzkoako Batzar Nagusiek berehalako ordezkatzearen alde egin zuten, eta errebisioari itxarotearen aurka. PSE-EE-ren ekimen bat izan zen gainera, eztabaidatua izan aurretik PNVrekin berarekin adostu eta moldatu zutena. PSE-EEko Mª Jesús Egido batzarkideak azaldu zuen berehalako ordezkatzea defendatzen zutela, errebesioari itxaron gabe, eta hitz hauekin egin zuen:

«Lo que instamos, en todo momento, es que se aplique con la máxima urgencia desde el 1 de noviembre a todos los contratos de crédito que tengan ya el tipo de interés sustitutivo, pero ¿qué ocurre? que en muchos casos (…) no va a haber problema, pero en otros sí va a haber problema ¿por qué? Porque si las entidades financieras aplican estrictamente la legalidad vigente, aquí claramente decimos, en esta ley, (…) “con efectos desde la siguiente revisión de los tipos aplicables” (…) ¿qué nos encontramos? Que habrá personas que vayan a tener que esperar si nosotros no hacemos estas peticiones de forma conjunta y presionamos, a que las entidades financieras les revisen el tipo de interés cuando les toque (…) Por lo tanto el segundo punto nuestro va en ese sentido y lo seguimos manteniendo».

Garbi zegoen beraz Batzar Nagusiak berehalako ordezkatzearen alde zeudela, eta errebisioari itxarotearen aurka. Baina iritsi zen azaroaren 28a eta Kutxaren administrazio kontseiluan betiko eskema errepikatu zen: EH Bilduk IRPH Cajas berehala ordezkatu eta Euribor+1 aplikatzearen alde egin zuen, eta PNV, PSE-EE, PP, CCOO eta Pixkanakako kideek aurka. DYAko ordezkaria ez zen aurkeztu. PNVren ordezkarien artean Jon Jauregi zegoen, eta Batzar Nagusiak ordezkatzeko egon arren erakunde horrek defendatu zuenaren aurkakoa bozkatu zuen. Gertakari oso larria zalantzarik gabe, Jon Jauregiri gure mespretxu erabatekoa irabazarazi ziona eta gure ustez zigorra merezi duena. Ekimen oker, bidegabe eta gaitzesgarria, hau da, krimen bat (hiztegiko definizioaren arabera).

2014ko urtarrilaren 15an Batzar Nagusiek Jon Jauregik krimen hau egitean izan zuen jarrera eztabaidatu zuten. EH Bildu bakarrik geratu zen iruzurraren salaketan, PNV, PSE-EE eta PPk krimena egin zuena babestu baitzuten. Eider Mendoza batzarkide jeltzaleak, Goya saria merezi zuen esku-hartze batetan, Jon Jauregik IRPHa hurrengo errebisiora arte luzatzea babestu zuela onartu zuen, baina gehitu zuen horixe zela Batzar Nagusiek azaroaren 6an onartu zuen ekimenak defendatzen zuena. Mª Jesús Egido batzarkide sozialistak, azaroaren 6an PNV eta PSE-EE artean adosturiko testuak errebsiora ez itxarotea eskatzen zuela azaldu zuenak, ez zuen txintik ere esan, eta zintzo-zintzo eman zuen Jon Jauregi babestearen aldeko bozka, PNVren morroi inozoaren paperean.

Hauxe da beraz Jon Jauregik IRPHaren inguruan izan duen papera: abusuaren defentsa eta berau denboran luzatzearen aldeko apustua, ordezkatzen duen erakundearen mandatua desobedituz. Azpimarratzekoa da IRPHa abusuzkoa dela dioten epaiez gain badirela beste epai batzuk, tartean gutxienez epai irmo bat, Kutxak IRPHaren aplikazioa denboran gehiegi luzatu zuela ebazten dutenak.

Horixe da Jon Jauregiren inguruan esan behar duguna, eta webgune honetatik ezabatuko ez duguna.

[Argazkia: EAJ-PNV (https://www.flickr.com/photos/eaj-pnv/24841694991)]

One response to “Jon Jauregi Bereciartua

  1. Me parece muy bien. Que se sepa la verdad

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *