IRPHa manipulagarria dela onartu du Espainiako Bankuak

150616_respuesta_BdE

ESPAINIAKO BANKUAK IRPHa MANIPULAGARRIA DELA ONARTU DU

ADIERAZGARRIA EZ DELA, GARDENTASUNIK EZA ETA NAHIKOA KONTROLIK EZ DUELA ERE FROGATUTA GERATU DIRA

ALBISTE EZIN HOBEA ESTATU ESPAINIARREAN 1,3 MILIOITIK GORA DIREN FAMILIA KALTEDUNENTZAT

Donostia, 2015-6-16

Maite Ortiz eta José María Erauskin IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko abokatuek Espainiako Bankuak euren galderei erantzutea lortu dute. Burgosen Kaleratzeak Stop elkarteko kide batek Kutxabanken aurka IRPH aplikatzeagatik jarritako salaketa baten testuinguruan izan da.

Egin zaizkion 15 galderei idatziz eman dien erantzunean, erakunde erregulatzaileak onartzen du aurrezki kutxa bakoitzak IRPHan eragina izan zezakeela berak aplikaturiko interesak igoaz, eta bere eraginaren tamaina zehaztasun matematikoz kalkulatu zitekeela gainera. Indize honek kalteturikoen salaketa nagusia egiazkoa dela onartzen da modu honetan.

Garbi geratzen da gainera IRPHa ez dela maileguen merkatuaren adierazgarri: Espainiako Bankuak onartzen du indize honen kalkuluan, batezbesteko sinplea izaki, aurrezki kutxa guzti-guztiek pisu berdina zutela. Aurrezki kutxarik txikienaren kasua aipatzen da, maila lokalekoa eta merkatuaren osotasunean inolako garrantzirik ez zuena, eta 600 aldiz handiagoa zen aurrezki kutxarekin alderatzen da, eta onartzen da biek ere pisu berbera zutela batezbestekoan.

Onartzen da gainera aurrezki kutxa batek IRPHarengan eragiteko bere interes tipoak igo eta honen ondorioz bere negozio bolumena jaisten bazuen ere batezbestekoan zuen pisua ez zela aldatzen, eta komisioak igotze hutsarekin ere eragin zezaketela.

Manipulagarria dela eta adierazgarri ez dela erakusteaz gain, erantzunek beste gabezia nagusi bat agerian utzi dute: gardentasun eta kontrolik eza. IRPHa kalkulatzeko abusuzko zirelako baliogabetuak izan diren interes tipoak (zoru klausula edota gorantzako biribiltzea adibidez) erabili ote diren itaunduta, merkatuaren erregulatzaile eta indizearen kontrolaren erantzule den erakundeak onartu du ez duela galdera erantzuteko nahikoa informaziorik.

IRPH Stop Gipuzkoaren balorazioa

Elkarteak pozez hartu du garaipen handi hau, lapurreta honi amaiera emateko bidean erabakigarria izan daitekeelako. Gure kalkuluen arabera IRPHaren aldaera desberdinek 40.000 familiatik gora kaltetzen ditu edo kaltetu ditu Hego Euskal Herrian, eta orotara 1,3 milioitik gora dira estatu espainiarrean kalteturikoak. Indize hau aplikatzeak hilero 300 euro ingurutan garestitzen du mailegua, eta askok etxea galdu dute horren erruz. Milioi askoko iruzurra da beraz, familiengan eragin oso larriak dituena.

Espainiako Bankuaren aitormen hau zabalik ditugun auzibide guztietan sartuko dugu orain. Donostia, Guadalajara edota Bartzelonako Merkataritza Arloko epaitegiek 40 epaitik gora ebatzi dituzte IRPHa baliogabetuaz. Baina Gipuzkoako Probintzia Auzitegia guztiz kontrako noranzkoan dabil, herrialde honetan ebatzi diren epai guztiak bertan behera utziaz. Froga berri honekin, bere argudio gabezia agerian geratzen da, eta dei egiten diogu bere jarrera aldatu dezan, Gipuzkoako familiak Espainiako Auzitegi Gorenera jotzera behartu ez ditzan. Horregatik, IRPH Stop Gipuzkoak aste honetan bertan Auzitegiaren aurrean mobilizazioak egiteko asmoa du.

Gainera, kaltetuak izan diren familia guztientzat baliogarria izango den konponbide global bat exijitzen dugu. Epaitegietan borroka irabaziko dugula gero eta nabarmenagoa den arren, onartezina da kaltetuek euren eskubideak bermatu daitezen epaitegietara jo behar izatea. Indize honekin lapurturiko diru guztia itzuli beharra dago, eta etxegabetuak izan diren familiek euren etxebizitzetara itzuli behar dute.

Azkenik, PNV, PSE-PSOE eta PPri erantzukizunez jokatzeko dei egiten diegu, Kutxabanken erantzule politiko diren heinean, hauxe baita EAEn IRPHa gehien aplikatu duen banketxea. Dagoeneko jaso dituzten eta hogeita hamarretik gora diren zigorrei helegiteak jartzeari utzi diezaioten exijitzen diegu. Herritarron aurrezkiekin sorturiko aurrezki kutxen oinordeko denak ezin du izan herritar horiexek euren eskubideen alde epaitegietara jotzera behartzen dituen munstroa. Aski da! Akatsa onartu eta lapurtu diguten guztia itzultzeko ordua da.

Oharra: Espainiako Bankuaren erantzunak Abogados Res-ek eman zuen argitara eta hemen topa dezakezu.

6 responses to “IRPHa manipulagarria dela onartu du Espainiako Bankuak

  1. Pingback: Elkarretaratzea eta prentsaurrekoa | IRPH Stop Gipuzkoa - Plataforma de afectados por el IRPH - IRPHaren kaltedunen elkartea

  2. Encarna Del Baño

    Qué pasará con las hipotecas vpo anteriores a 2009? El tipo de interés lo fija el consejo de ministros con baseval irph entidades.

  3. podemos aportar estos escritos en la demanda del irph? como lo plantearía el letrado?
    saludos

  4. Pingback: Catalunyako herriaren defendatzaileak IRPHa bertan behera uzteko eskatu du | IRPH Stop Gipuzkoa - Plataforma de afectados por el IRPH - IRPHaren kaltedunen elkartea

  5. Pingback: PP eta PSOEk Europako Parlamentuak IRPHa gaitzestea eragotzi dute | IRPH Stop Gipuzkoa - Plataforma de afectados por el IRPH - IRPHaren kaltedunen elkartea

  6. Pingback: Estatistika aplikatuko katedradun batek banketxeek IRPHa manipulatu dezaketela egiaztatu du | IRPH Stop Gipuzkoa - Plataforma de afectados por el IRPH - IRPHaren kaltedunen elkartea

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *