IRPHa baliogabetu zuen lehen epaiaren hirugarren urteurrena

IRPHa BALIOGABETU ZUEN LEHEN EPAIAREN HIRUGARREN URTEURRENA

ABUSUZKO INDIZE HONEN AURKAKO BORROKAN AURRERAPENAK IZAN DIRA, BAINA MILAKA FAMILIA KALTETZEN DITU ORAINDIK

KALTEDUNEK JADANIK IRABAZI DUTE BORROKA MORALA, INORK EZ BAITU ZALANTZAN JARTZEN IRPHa ABUSUZKO KLAUSULA DELA

HURRENGO BORROKA JURIDIKO HANDIA ESPAINIAKO AUZITEGI GORENEAN IZANGO DA

Donostia, 2017-4-28

Donostian 2014 apirilaren 29an ebatzi zen epai batek eman zion hasiera IRPHaren aurkako borroka juridikoari. IRPHa Euribor-a baino gutxiago erabiltzen den indize hipotekario bat da, estatu espainiarrean 1,3 milioi hipoteka baino gehiagotan eragiten duena.

Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegiaren 156/14 epaiak IRPH Stop Gipuzkoa taldeko familia batek 2013ko urriaren 21ean Kutxabanken aurka aurkeztu zuen auzibidea erabat onetsi zuen. Auzibidea Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuen eta Ainhoa Kintana prokuradorearen lan boluntarioari esker aurkeztua izan zen.

Ordurako IRPHa bertan behera uztearen aldeko ahotsak gero eta gehiago ziren arren, pentsaezina zen auzitegietan bere baliogabetzea eskatzea, indize ofiziala zelako. Baina IRPH Stop Gipuzkoa plataformako abokatuek lehen epai hura lortu zuten ,eta haren ondotik beste 30, guztiak ere plataformako kideenak.

Ordutik hona, hiru urte hauetan zehar, estatu osoko hainbat epaitegitan IRPHa baliogabetuz ebatzi diren epaiak zenbatezinak izan dira. Epai horietako batzuk jadanik irmoak dira, baina gehien-gehienetan banketxeek helegiteak jarri dituzte. Helegite hauen inguruan erabaki behar izan duten Probintzia Auzitegiak ez dira ados jartzen. Bere irizpidea azaltzen lehena Gipuzkoakoa izan zen, eta IRPH Stop Gipuzkoa taldeak lorturiko epai guztiak bertan behera utzi zituen. Baina estatu guztiko merkataritza arloko epaitegi asko eta asko Donostian lortutako epaietan oinarrituriko epaiak ebazten jarraitu dute, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak bertan behera utzi zituela jakinda ere. Bi doktrinen arteko talka nabarmena hasi zen honela: alde batetik, IRPHaren aldekoa (Gipuzkoako Probintzia Auzitegia), eta bestetik aurkakoak (merkataritza arloko eta lehen instantziako hainbat eta hainbat epaitegi).

Gaia gainontzeko probintzia auzitegietara iritsi denean, zenbait kasutan Gipuzkoako auzitegiaren irizpidea jarraitu dute, baina dagoeneko badira IRPHa abusuzkoa dela baieztatu duten bi probintzia auzitegi. Arabakoa eta Bizkaikoa dira.

Irizpide ezberdinak daudenez, gaia Espainiako Auzitegi Gorenera iritsiko da. Ortiz eta Erauskinek daramaten kasu bat izango da ziur aski iristen lehena. Arabako Probintzia Auzitegiak berretsi zuen lehen epaiari dagokion kasua da, Kutxabankek helegitea jarri zuelarik. Tramitera onartua izango denik ez dago oraindik baieztatuta, baina ziurtzat jotzen da.

Epaitegietatik kanpo, egoera askoz argiago dago, eta esan daiteke IRPHaren aurkako borroka morala jadanik irabazia dutela kaltedunek. Izan ere, IRPHa abusuzko klausulatzat hartua da, eta etxebizitza-mailegu berrietan ia ez da erabiltzen. Bere garairik onenetan, mailegu berrien %15ean erabiltzen zen.

Gainera, hainbat erakunde publikok jadanik agertu dute indize honen aurkako euren jarrera, udaletxe, diputazio eta parlamentu autonomikoak barne. Azpimarratzekoa da Gasteizko Legebiltzarraren adierazpena, IRPH Stop Gipuzkoa plataformaren agerraldi baten ondoren ebatzi baitzuen «IRPH interes-tipoa opakoa dela, banketxeek eragin diezaioketena, merkatuaren errealitatea jasotzen ez duena eta argi-argiro kaltegarria kontsumitzaileentzat, eta abusuzkotzat jo beharrekoa».

Adierazpen horrek indizeak dituen zenbait gabeziari egiten dio erreferentzia. Gabezia horiek Estatistika Aplikatuan Katedradun Akreditatua den Juan Etxeberria Murgiondo doktoreak eginiko txosten batetan aztertzen dira. Etxeberria doktoreak IRPH Stop Gipuzkoa plataformaren webgunean argitaratu zuen txosten hau, eta bertan ebazten da indizea ez dela batere sendoa, eta agerikoa dela hobetu daitekeela. Gaineratzen da bistakoa eta oso nabarmena dela entitate bakoitzak, bere tamaina edo bolumena edozein dela ere, IRPHaren hileroko emaitzan eragiteko ahalmena duela, eta ahalmen hori modu zehatzean zenbatu daitekeela.

Espainiako Bankuak berak, Ortiz eta Erauskin abokatuen galdeketa bati erantzunez, onartu zuen banketxeek IRPHaren emaitzan eragina izan dezaketela.

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko ordezkariak Europako Parlamentuan ere egin zuten agerraldia, eta lortu zuten bertako komisio batek adieraztea IRPHa abusuzko klausulen inguruko Europako zuzentarauaren aurkakoa dela.

Baina hala eta guztiz ere, lehen garaipen judizial hura lortu eta hiru urte geroago banketxeek IRPHa erabiltzen jarraitzen dute, beti Euriborraren oso gainetik dagoen indize bat aplikatzeak ematen dizkien irabaziei uko ez egitearren.

IRPH Stop Gipuzkoa taldearen kalkuluen arabera, 1.3 milioitik gora dira estatu espainiarrean IRPHak kalteturiko hipotekak.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *