Gasteizko Legebiltzarrak IRPHa eztabaidatuko du ostegunean

parlam_irph

Gasteizko Legebiltzarreko osoko bilkurak ostegun honetan, otsailak 4, IRPHaren aurkako mozio bat eztabaidatuko du, IRPH Stop Gipuzkoa eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop elkarteek aurkeztua izan zena.

Testua gure abokatu eta adiskide den Jose Mari Erauskinek aurkeztu zuen 2015 azaroaren 16an Legebiltzarrean egin zuen agerraldian (hemen duzu ikusgai agerraldi osoa), eta onartua izaten bada Legebiltzarrak adieraziko du IRPHa gardentasunik gabea dela, banketxeek bere balioan eragina izan dezaketela, ez dela merkatuaren errealitatearen isla eta kontsumitzaileentzat kaltegarria eta abusuzkoa dela. Gainera, Legebiltzarrak honakoak galdegingo lituzke:
1. estatu mailan dagokion agintaritzari, bertan behera uzteko lehenbailehen.
2. banketxeei, aplikatzeari berehala utzi eta kobraturiko interesak familiei itzultzea, IRPHari loturiko maileguen exekuzioen ondorioz desjabeturiko etxebizitzekin batera.
3. Lakuako gobernuari, eskura dituen baliabide guztiak abian jartzea indize honek kalteturikoen defentsan eta etorkizunean maileguak sina ditzaketenen babeserako.
4. Europako agintaritzei, erreferentzia indizeen inguruko europar araudi berria aplikagarria izan dadila IRPHa bezala banku zentralek prestatuak diren indizeei ere.

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak, Kaleratzeak Stop elkartearekin batera, gutun bat igorri die legebiltzarkide taldeei, ostegunerako bozketan izango duten jarrera ezagutzeko. UPyD izan zen gure mozioa aurkeztu zuena (guk talde guztiek elkarlanean egitea nahiago izan bagenu ere), eta ondorioz babestuko duela pentsa daiteke. EH Bilduk baieztatu du babestu egingo duela, eta PP eta PSEk ez dute erantzun.

PNVk osoko zuzenketa bat aurkeztu du, ekimena edukiz hustuko lukeena. Izan ere, proposatzen duena hau da:
• IRPHa gardentasunik gabea dela, banketxeek beregan eragin dezaketela, merkatuaren isla ez dela eta kontsumitzaileentzat kaltegarria eta abusuzkoa dela adierazten duen zatia kentzea.
• banketxeei aplikatzeari utzi eta kobraturiko interesak eta desjabeturiko etxebizitzak itzultzeko eskaera kentzea.
• Europako agintaritzek erreferentzia indizeen inguruko araudi berrian banku zentralek prestaturiko indizeei salbuespenik ez egiteko eskaera kentzea.

Zuzenketa hori baztertu eta jatorrizko mozioa babesteko eskatzen zion gure gutuna aztertu egingo zuela esanaz erantzun zigun PNVko ordezkariak, baina ez du konfirmatu zein izango den azkenean bere jarrera.

Ostegunean, hortaz, Gasteizko Legebiltzarrean gertatzen denari adi-adi egongo gara. Eztabaida zuzenean jarraitu dezakezu Legebiltzarraren webgunetik, eta berri guztiak une oro ezagutu Twitter bidez gure @irphstop_gpzkoa kontua jarraituz.

One response to “Gasteizko Legebiltzarrak IRPHa eztabaidatuko du ostegunean

  1. Espero que todo salga bien para todos los afectados, que somos muchos

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *