Erreferentzia indizeen inguruko Europako araudi berria apirilaren 12an onartuko dute eta ez du IRPHan eraginik izango [EGUNERAKETA: bozketa atzeratu dute]

europarl

Aurrez ere azaldu izan dugun moduan, Europako agintaritzek 2016an bertan indarrean sartuko den araudi berri bat prestatu dute erreferentzia indizeei aplikagarri izango zaiena. Araudiak oso oinarrizkoak diren betebeharrak ezartzen ditu, baina IRPHak ez lituzke beteko eta beraz desagertu edo aldatu egin beharko luke. Baina gabezia garrantzitsu batekin jaioko da araudi hau: ez da banku zentralek prestaturiko indizeei aplikagarri izango. IRPHa, Espainiako Bankuak prestatua denez, araudia betetzeaz salbatuko da beraz.

Hau 2015eko maiatzaren 19an zuzendu ahal izan zen, Europako Parlamentuaren osoko bilkurak araudi proiektua eztabaidatu zuenean. Europako ezkerreko taldeak (EH Bildu, IU eta Podemos barne dituenak) zuzenketa bat aurkeztu zuen, testuak aurreikusten dituen salbuespenak ezabatzeko. Baina zuzenketa baztertua izan zen, besteak beste PP, PSOE eta PNVren botoekin. Alderdi hauek berriz ere indarrak batu zituzten IRPHa salbatzeko, eta lortu egin zuten (egun hartan argitaratu genuen berrian duzu informazio guztia).

Bozketa haren ondoren negoziazioak hasi ziren Europako Parlamentuaren, Kontseiluaren eta Komisioaren artean. Negoziazioak amaitu dira, eta testuak banku zentralek prestaturiko indizeentzat salbuespena egiten jarraitzen du, dioenez banku zentralek euren eginkizunak zintzotasun eta independentziaz egiten dituztela bermatzen duten printzipio, irizpide eta prozeduren arabera aritzen baitira, eta ondorioz ez delako beharrezkoa banku zentralek Araudi honen esanetara egotea. Tamalez IRPHaren kaltedunok badakigu hori ez dela horrela, eta araudi honen betebeharra hautsiko lituzkeen indize bat pairatzen darraigu.

Testua apirilaren 7an bozkatuko dute, ostegunez, Ekonomia komisioan, eta apirilaren 25 edo 26an osoko bilkuran. Ez da zuzenketarik onartzen, eta beraz IRPHa ozta-ozta bizirik aterako da oraingoan ere, PP, PSOE eta PNVri esker. Baina ez da luzarorako izango: laster botako dugu behera.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *