Donostiako udalbatzak IRPH-a eztabaidatuko du

irph-donos

Donostiako udalbatzak abenduaren 18an, ostegunez, EH Bilduk proposaturiko mozio bat eztabaidatuko du. Mozioak proposatzen duena hauxe da:

Donostiako Udalak eskatzen die Kutxabanki eta haren antzera jokatzen ari diren gainontzeko finantza erakundeei lehenbailehen itzultzeko, IRPH indizea legez kontra aplikatzeagatik, Donostiako eta lurralde osoko bezero guztiei gehiegi ordainarazitako zenbatekoak, hauek epaitegira jotzeko zain egon gabe.

Hogeita hamarretik gora dira Kutxabank IRPHaren arabera «bidegabe kobraturikoak itzultzera» zigortu duten epaiak, eta bistakoa da salaketa jartzea erabaki (eta ahal) duen orok emaitza berdina izango lukeela. Nabaria da IRPHa aplikatzea abusua izan dela, eta Kutxabankek kalteturiko familia guztiei euren dirua itzultzea da logikoena, epaitegietara jotzera behartu gabe. Horixe da IRPH Stop Gipuzkoa plataformatik eskatzen ari garena, Xabier Iturberen dimisioarekin batera, bera baita zentzugabekeria honen erantzule.

Donostiako udaletxearen jarrera garrantzitsua da, Kutxaren erakunde sortzaileetako bat baita. 2013ko ekainean udalbatzak IRPHaren gaia eztabaidatu zuen, Kutxari indize hau aplikatzeari uzteko eskatzen zion PSEren mozio baten harira. Udalbatzak aho batez onartu zuen testua, EH Bildu, PSE, PNV eta PPren bozekin, baina jakina denez banketxeak IRPHa aplikatzen jarraitu du.

Ordutik igaro den urte eta erdian, EH Bilduk IRPHaren aurkako jarrera hau ordezkaritza duen foro guzti-guztietan mantendu du, Kutxaren administrazio kontseilua barne.

PSEk mozio berdina beste hainbat udaletxetan bultzatu zuen, baina fartsa bat antzezten eta kaltetuoi burla egiten ari zen, Kutxaren administrazio kontseiluko PSEren ordezkariek beti bozkatu baitzuten IRPHa aplikatzen jarraitzearen alde. Itxurakeria honi buruz galdegindakoan, bere burua sozialistatzat aurkezten dutenek beti beste alde batera begiratu izan dute, Ernesto Gasco eta Enrique Ramos-en txio hauetan ikus daitekeenez.

twitter_pse

Baina ez izan zalantzarik: José Miguel Martín Herrera PSEk Kutxaren administrazio kontseiluan zuen ordezkariak IRPHaren alde behin eta berriz eman zuen bozkak bere alderdiaren babes osoa zuen. Horren froga argia da orain dela gutxi, Kutxaren administrazio kontseilua deuseztatu dutenean, PSEk berriz ere kolokatu duela Kutxa banku-fundazioaren patronatuan. IRPHaren aldeko bozka kriminalak PSEren babes osoa du.

PNVri dagokionean, antzeko zerbait gertatzen da. IRPHaren aurkako mozioa babestu zuen Donostian eta beste hamaika udalerritan (kasuren batean PNV bera izan zen mozioa sartu zuena), baina bera da Kutxa eta Kutxabankek eskaera hauei entzungor egin izanaren erantzule zuena, bankua kontrolatzen baitu. Eta IRPHaren aleko euren politikan ondoan izan dituzte beti PSE eta PP, eta baita CCOO eta Pixkanaka sindikatuak ere.

Donostiako PP-k ere babestu zuen 2013ko ekainean IRPHaren aurkako mozio hura, agian PSE eta PNV antzezten ari ziren antzerkiak animatuta. Hala ere, PP-ren alde esan behar da zenbait udalerritan IRPHaren aldeko euren jarrerarekin koherentziaz mozioa babestea baztertu zutela.

Ikus dezagun zer egiten duten laster boto eske etorriko diren lau alderdiek abenduaren 18an.

One response to “Donostiako udalbatzak IRPH-a eztabaidatuko du

  1. Pingback: PNV, PSE eta PPk ez dute nahi IRPHak kaltetutakooi lapurtutakoa itzultzerik | IRPH Stop Gipuzkoa - Plataforma de afectados por el IRPH - IRPHaren kaltedunen elkartea

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *