Dagoeneko lau dira IRPHa baliogabetuz Arabako Probintzia Auzitegiak ebatzitako epaiak

justicia-irph

IRPHa baliogabetuz Probintzia Auzitegi batek ebatzi zuen lehen epaia Araban lortu zuten Maite Ortiz eta José María Erauskinek 2016ko martxoaren 10ean. Ondoren, 2016ko maiatzaren 31ko data duen bigarren epai bat ezagutu genuen. Eta orain beste bi epai ezagutu ditugu, 2016ko ekaineko 29 eta 30ekoak. Guztiak zintzilikatu ditugu Epaitegiak atalean. Bertan duzu estatu guztian zehar IRPHa baliogabetuz ebatzi diren epaien datu baserik onena.

Epai horien artean lehenari Espainiako Auzitegi Gorenera zuzenduriko helegitea jarri zion Kutxabankek, eta pentsatzekoa da besteak ere bide beretik joango direla. Garrantzitsua da Arabako Auzitegiak IRPHa baliogabetzen duten epaiak hobesten jarraitzea, helegiteak helegite bere jarrera irmoa dela erakusten duelako.

Gogora dezagun Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren jarrera guztiz aurkakoa dela, eta IRPHa baliogabetzen zuten 40 epaitik gora atzera bota dituela dagoeneko, argumentu lotsagarri hauek erabiliaz:
1, ez omen dela bere manipulazioa frogatu, ahazturik ez dela hori epaitzen, baizik eta banketxeek emaitzan eragiteko aukera ote duten ala ez.
eta 2, ez dela Euribor-a baino manipulagarriagoa. Hau, gezurra izateaz gain, lapur bat hura baino okerragoak badirelako absolbitzea adinako astakeria da.

Gipuzkoako Auzitegiak atzera bota zituenak gure elkarteak Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuekin Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegiak lorturiko epai aitzindariak dira. Beranduago estatu guztian zehar IRPHa baliogabetuz ebatzi diren dozenaka epaik ez dute aintzat hartu Gipuzkoako Auzitegiaren doktrina. Asko dira beraz Gipuzkoako Auzitegiaren argudioak baztertu eta Donostiako Epaitegiaren epaiei eutsi dieten epaileak.

Horregatik baikor izan behar dugu: Espainiako Auzitegi Gorenak ere ez ditu Gipuzkoako Auzitegiaren argudio lotsagarriak onartuko, eta Araban IRPHa baliogabetzen duten epaiak babestuko ditu.

Geurea da garaipena: IRPHa erori egingo da, edo eraitsi egingo dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *