Batzar Nagusietan azaroaren 6an gertaturikoen inguruan

Bideoan ikus daitekeenez, gure agerraldia kalean egin izan behar genuen. Aurreko berrietan azaldu dugun bezala, PNV, PSE eta PP alderdiek lortu zuten kaltetuok egoitzara sartzeari betoa jartzea. Gertakizun benetan larria da. Bideoan azalpenak ematen dituztenak: Bildu eta Aralar batzarkide taldeen izenean hitz egin duen batzarkidea, gure elkarteko kidea eta Kaleratzeak Stop-eko abokatua.

Eta barruan zer gertatu zen? PNV, PSE eta PP-k atzera bota zuten Bildu eta Aralarren proposamena, eta PNV eta PSE-k aurrez adosturikoa onartu zuten.

– PNV eta PSEren testuarekin ados al gaude?

Bai, guztiz. Hauxe da, eta bere bigarren puntuan garbi eskatzen zaio Kutxabanki Euribor+1 aplikatzeko berehala, eta azaroaren 1a igaro denez ez aplikatzea bidegabea dela esaten da. Guk ezingo genuke hobeto adierazi.

– Zein da orduan arazoa?

Arazoak bat baino gehiago dira:

PNV eta PSE-ek ez zuten Bildu eta Aralarren proposamena onartu nahi izan. Hauxe da, eta funtsean berdina eskatzen du. Zer da orduan PNV eta PSE-k gustoko ez dutena? Ez dute gustoko Kutxabanken izena agertzea; beraiek nahiago dute “entitate finantziaroak” erabili. Ados. Era berean, ez dute gustoko Kutxaren Administrazio Kontseiluari dei zuena egitea.

Eta azken hau zergatik ote da?… ba hauxe da hurrengo arazoa, eta jendillaje honen benetako izaera agerian uzten duena: PNV eta PSE-k Kutxaren Administrazio Kontseiluan dituzten ordezkariek guztiz aurkakoa defendatzen dute. Bai, ondo diogu: Batzar Nagusitan, eta Gasteizko legebiltzarrean, eta udaletxetan, eta Facebooken ere bai, eta Twitter-en… eta txalapartaz ere bai akaso… horietan guztietan Kutxari eskatzen diote, aizu, aplikatu Euribor+1 eta utzi IRPH! Baina iristen da Kutxaren Administrazio Kontseiluaren bilera eta alderdi politiko berberek, PNV eta PSE-k, esaten dute: ea bada, segi dezagun IRPH aplikatzen gizarajo hauei. Egin dezagun barre kaleratzeko arriskuan dauden familien lepotik. Hori da hipokrita hauek antzezten duten papela.

Bildu eta Aralarren testuan zetorren beste puntu guztiz logikoa, eta PNV eta PSEk gustoko ez dutena, hau ere mundiala: proposatzen zen Batzar Nagusiek Kutxaren Administrazio Kontseiluan duten ordezkariari eskatzea Batzar Nagusien iritzia eta nahia defendatzeko, eta hortaz IRPHaren aurka egiteko Kutxan. Bada ez, hori ere ez dute gustoko PNV eta PSEk, eta kendu egin dute. Ze logika du honek? Ordezkari horren izena Jon Jauregi Bereziartua da, PNVkoa da, Beasaingo alkate ohia, * * * [edukia ezabatua izan da] * * *. Markel Olanok ordezkatu zuen hautagaitzan. Ba lasai utzi nahi dute antza, bere eserlekuan jarrita, IRPHa defendatuz. Gure aldetik, Kutxaren hurrengo bileran Batzar Nagusiek eskatutakoa defendatzen ez badu, dimisioa eman dezala eskatuko dugu.

Hauexek dira bada, PNV eta PSE-ren mixeriak. Eta hortik aurrera, komunikabideetan irakurri dugunez (ezin baikenuen sartu izan, ez zuten lekukorik nahi….) ba zeharo haserre agertu ziren, gizarajoak, iraindu egin omen ditugu, mehatxatu, hertsatu… eta “kondena” eske jardun omen ziren. Nazkagarriak. Milaka familia hipotekari aurre egin ezin eta etxebizitza galtzeko arriskuan, eta beraiek ergelkeriatan. Eta aldrebeskeria honek guztiak animatuta edo, PPkoek honakoa esan omen zuten: tamalgarria zela guztien adostasuna lortu ez izana, guztiok arduratzen gaituen gaia delako eta pose politiko bat baino gehiago merezi duelako. Pailazokeria bat dela esango genuke, baina pailazoek barre eragiten dute eta hauek berriz, negarra.

One response to “Batzar Nagusietan azaroaren 6an gertaturikoen inguruan

  1. hola esta visto que les duele pero mucho que la plataforma este activa y presionando para que la
    sociedad sepa lo que esta pasando, por eso nos vetan porque somos una molestia social.
    animoooooo y adelante con la lucha

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *